Irakaskuntza ​telematikorako ​eredu metodologiko​ baterantz

Hona hemen Abel Camachok eta Pedro Lonbidek 2017-2018 ikasturtean HEZikt graduondokoaren lehen moduluko Irakaskuntza telematikorako eredu metodologiko baterantz izeneko ikasgaiari buruz egidanko sintesia.

it

Ikastaroen ezaugarriez aritu gara, batetik. Nola dagoen antolatuta, nola banatuta… eta horrek zer eragin duen eta, areago, zenbaterainoko lotura duen ikastaroaren arrakastarekin. Berez on-line ikastaroek hainbat baldintza betearazten diote ikasleari (diziplina, ardura…). Baldintza horiek guztiak ikaslearen autonomia-mailarekin lotuta daude eta zenbat eta aurrerago joan autonomia-prozesuan erosoago arituko da ikaslea. Horren lagungarri izango dira ikastaroa diseinatzerakoan erabakitako hainbat ezaugarri. Ikastaroa asteka antolatzea edo eduki guztiak batera ematea, adibidez, oso ezberdina izango da eremu ​horretan aritu behar duten ikasleentzat.

Ikas-materialetako zereginen zehaztasuna eta nolakotasuna da agertu zaigun beste arlo bat. Askotan aipatzen dira “testu luze bat irakurri eta test bat bete” erako jarduerak e-learningaren inguruan ari garenean. Ikas-prozesuaz dugun ustea ari gara horrelakoetan aztertzen. Zer uste dugu egin behar duela ikasleak zerbait ikasteko? Gauza bera al da informazioa eta ezagutza? Jasotako informazioa automatikoki bihurtzen al da ezagutza? Nolako eragiketak dira beharreko ikasleari eskainitako informazioa erabiltzeko moduko ezagutza bihur dadin?

Lotura zuzena du aurretik aipatu dugun horrek irakaslearen lanarekin, jakina. Irakasleak informazio-iturri huts izatetik ikasleak ezagutza eraikitzeko egin behar dituen eragiketen diseinatzaile eta bultzatzaile izatera pasatu behar du. Horrek perspektiba zabaldu egiten du eta ikasleekiko lotura handiagoa eskatzen.

Eta horrek komunikazioaren gaira eramaten gaitu zuzenean, jakina. Ikasteko egoera horretan ari direnen arteko komunikazioa ezinbestekoa da; komunikazio pertsonala, batetik baina baita komunikazio didaktikoa. Ezin da ahaztu horixe dela helburua: ikastea. Komunikazio-prozesu horiek eta orokorrean, aurrez aurreko ikas-prozesuetan ematen diren bestelako guztiak nola gara daitezkeen on-line eremuetan jakitea ere ez da erraza. Gehiegi landu gabeko arloak dira eta pixkanaka hobetzen joango gara guztiok.

Hasieran aipatu beharrekoa izango da, agian, maiz agertu zaigun beste gai bat: motibazioa eta aurrera egiteko indar eta gogoari eustea. Norberarena da lehendabizi, jakina. Ikastaro bat egiteko erabakia hartzera eramaten gaituzten arrazoiek pisu jakin bat dute eta horrek motibatu egingo gaitu neurri batean baina indar horri eutsiko dion ingururik aurkitzen ez badugu (helburu, lagun, erronka, akuilu…), ez da zaila izango bertan behera uztea.

Argi dago arlo berri bati ematen diogula hasiera eta horretan, beste askotan bezalaxe, prestakuntza garrantzitsua dela. Baina ez gaitezen itsutu! Inork ez digu soluzio magikorik emango eta ez gaitezen fida horrelakorik eskaintzen dutenekin! Dugun egoerara egokitu beharra izango dugu, nondik abiatzen garen, nora heldu nahi ​
dugun eta horretarako ditugun bitartekoak aztertuz.