Ikasketa-plana (2016-2018)

Titulu mota: Graduondokoa – Unibertsitateko Espezialista
Kreditu-kopurua: 30 ECTS

  • 5 modulutan: 24 ECTS
  • Amaierako proiektua: 6 ECTS

Aurkezpena eta helburuak

Teknologia digitalen bidezko hezkuntza, besteak beste, jakintza transmititzeko eta eraikitzeko indartzen ari den irakaskuntza-metodoa da gaur egun.

Egun jendartean hezkuntzak inoiz baino gehiago hartu behar ditu kontuan ikasle-taldeen aniztasuna, arreta berezia eskatzen duten ikaslearenak barne. Gaitasun ezberdina duten ikasle-multzoa, jatorriko hizkuntza/kultura duten ikasleak, tokiko edo euskal curriculumean hezteko aukera, ikasketak antolatzeko ordutegi ezberdintasunak dituztenak, bertaratzeko ezintasuna edota arreta pertsonalizatua behar dutenak… Horiek guztiak uztartu behar dira gaur egungo hezkuntzan, euskararen eta euskal komunitatearen ikuspegitik, era batean edo bestean.

Aniztasun horri erantzuteko, ordea, hezkuntzaren giza-baliabideak eta bestelakoak mugatuak diren kontzientzia errotuta dago irakasleen artean. Horiek horrela, baliabide mugatuekin hezkuntza justuagoa lortzeko bideetako bat izan daiteke teknologia digitalak baliatzen dituen hezkuntza. Baina horretarako irakasleek zein hezitzaileek konpetentzia digital ezberdinetan trebatuak izan behar dira, bai hezkuntzako arlo formaletan, bai ez-formaletan.

Enpresa munduari dagokionez, etengabeko formazioa funtsezkoa denez, formazio hori ere era digitalera egokitzeko premia dago.

Eta, azkenik, gure gizartean euskararen normalizaziorako garrantzitsuak diren profesionalak aipatu nahi ditugu, hizkuntzaren irakaskuntzan aritzen direnak, besteak beste; izan ere, horiek ere teknologia digital berriak hizkuntzaren irakaskuntza prozesuan integratzeko erronkari ekin diotelako.

Horie guztien bilgune, eztabaidagune eta ikergune izateko asmoa dugu: ikasle-irakasleen artean ikertzen duen komunitatea batu eta osatu nahi dugu, euskarak beharĀ  dituen tresna, corpus, metodologia interesgarriak detektatu eta horiek nola inplementatu daitezkeen diseinatzea.