Hona hemen Amaia Arroyok 2019-2020 ikasturtean HEZikt graduondokoaren lehen moduluko Metodologia-joera berriak eta berrikuntza izeneko ikasgaiari buruz egidanko sintesia.
Aztertu eta landu dugu garapen teknologikoak hezkuntzan izan duen eragina. Hezkuntza eta teknologia binomio horretatik (edo hori aitzakiatzat hartuta), hainbat metodologia-joera sortzen ari dira. Zeintzuk dira momentuan suspertzen ari diren joera metodologikoak eta horien oinarriak? Berritzaileak al dira denak? Zer da, benetan, hezkuntza-berrikuntza? Hausnar dezagun horri guztiari buruz, profesional gisa, jarrera kritikoa garatu ahal izateko.
1. Metodologiari buruz ari garenean, zertaz ari gara?
Badirudi “metodologia” hitza erabiltzen dugunean, denok dakigula zertaz ari garen, denok berdin ulertzen dugula; baina baliteke denok abiapuntu eta aurreiritzi berak ez izatea. Hori dela eta, metodologia-joerei buruz hitz egin aurretik, komeni da argitzea kapitulu honen ikuspuntua zein den. Metodologia, didaktika eta pedagogia eskutik doazen terminoak dira. Hain zuzen ere, batak bestea gain hartzen duela esan daiteke. Ikus dezagun hiru horien arteko elkarreragina. Metodologia ulertzeko gure proposamena teoriatik praktikara doan bidea da: pedagogia irakasteko eta ikasteko prozesuen azterketa egiten duen makro-zientzia teoriko bezala ulertuta, didaktika pedagogiaren ekarpenen arlo-zehaztapena egiten duen mikro-zientzia gisa, eta metodologia egunerokotasunean martxan jartzen ditugun pedagogiaren eta didaktikaren aplikazio praktikoak.
1. irudia: Pedagogia, Didaktika eta Metodologiaren arteko harremana (Arroyo-Sagasta eta Camacho, 2019)
2. Metodologia-joera berriak
Bogan dauden guztietan sakontzeak luze joko lukenez, bost aukeratu ditugu, literatura zientifikoan gehien jorratzen direnak eta eskolen jardunean gehien zabaltzen ari direnak direla pentsatuz.
IZENA |
GAKOA |
IRAKASLEAREN ROLA |
TEKNOLOGIAREKIKO HARREMANA |
|
Proiektuetan edo Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI edo AOI) |
Edukiak lantzeari baino garrantzi handiagoa ematen zaio konpetentziak garatzeari |
Prestaketan zorrotza eta jardunean gidaria |
Teknologia digitalek aukera eskaintzen dute informazio- bilaketa aberasteko, sormen- lanak egiteko eta, maila altuenetan, proiektuaren antolaketa-lanak eta jarraipena egiteko |
|
Gamifikazioa |
Jolasaren elementuak erabili ohi dira, hala nola, dominak, puntuak eta mailaketak (bideo-jolasetan bezala). Ez da jolasak gelan erabiltzea: hori jolasean oinarritutako ikaskuntza izango litzateke |
Ikas-esperientzia gamifikatua diseinatu behar du eta epai- lanak egin |
Ez da derrigorrezkoa teknologia digitala erabiltzea, baina hori sustatzen laguntzeko aplikazioak daude (ClassDojo eta Open Badges, besteak beste) |
|
Flipped Learning (Ikaskuntza Iraulia) |
Gelako denbora praktikarako erabiltzea da helburua, nahiz eta azalpenak eman behar izaten diren |
Azalpenak gelatik kanpo ateratzeko materiala sortu edo bilatu behar du. Gelan, gidaritza-lana da batez ere egin beharrekoa |
Teknologia digitalek joera hau sustatzen laguntzen dute, izan ere, bideoak, infografiak eta aurkezpen interaktiboak bezala materialak sortzeko ezinbestekoak dira |
|
U-learning: e-learning ereduak eta m-learning |
Edonon ikas daiteke, edozer erabilita |
Ikas-jarduna espazio- eta denbora-mugetatik at eramaten duenez, Irakasleari malgutasuna eskatzen dio: edonon eta edonoiz irakasle izatea, alegia |
Teknologia digitala ezinbesteko akuilua izan da ikas-modu hauek joera bihurtzeko. Dena den, u-learning-ek ez du soilik ingurune digitala gain hartzen, espazio analogikoek ere zeresan handia izan dezaketelako |
|
Ikaskuntza adaptatiboa |
Teknologia da ikas-prozesuaren gidaritzaren bitartekoa |
Irakaslea alde batera uzten duela dirudi, baina ez. Ingurune birtualetan eskaintzen diren jarduerak eta horien sekuentziazio didaktikoa diseinatu egin behar dira: horra hor irakaslearen erronka |
Kontzeptualki teknologia digitalari estuki lotuta dagoen joera dugu. Aipatutako esleipen, sekuentziazio edo pertsonalizazio horren atzean, inteligentzia artifiziala, algoritmoak eta ikas-datuen analisia (learning analytics) daude (Robledo, 2017); hori dela eta, ezin dugu ikaskuntza adaptatiboa teknologia digitalik gabe ulertu |
|
1. taula: Metodologia-joeren laburpena (Arroyo-Sagasta, 2020)
3. Moden arriskua
Metodologia-joerak moda gisa ulertzeak hezkuntza-helburuak kolokan jartzeko arriskua dakar, ezin baitira hezkuntza-jarduna aurrera eramateko metodoak moda-irizpide kuantitatiboetan (asko erabiltzen da) edo kualitatibo subjektiboetan (oso ona dela esaten dute) oinarritu. Hori dela eta, irakasleon hautuaren oinarri pedagogikoak azpimarratu nahi ditugu; hots, ikasleen eta testuinguruaren ezaugarriak eta ikaskuntza bultzatzeko estrategia didaktikoak aztertzearen beharra, alegia. Analisi horrek emango dizkigu metodologia egokia aukeratzeko gakoak eta baliteke arestian aipatutako joeren artean erantzuna hain argia ez izatea: posible da metodologia zehatz bat egokiena izatea, biren arteko konbinazioa egin behar izatea edo, agian, aipatutakoen artean bat ere ez egoki suertatzea (eta nork bere proposamena egin behar izatea). Azken finean, hori ere irakasleon ardura handia da: metodologia egokiei buruz hausnartzea.
4. Erreferentziak
• Adell, J. eta Castañeda, L. (2012). Tecnologías emergentes, ¿pedagogías emergentes? Hemen: J. Hernández, M. Pennesi, D. Sobrino eta A. Vázquez (koord.). Tendencias emergentes en educación con TIC. Bartzelona: Asociación Espiral, Educación y Tecnología (13-32 orr.). ISBN 978-84-616-0448-7. Hemendik jasoa: https://labur.eus/WPOnT
• Camarero-Cano, L. eta Arroyo-Sagasta, A. (2018). La innovación educativa desde un escenario intercreativo de enseñanza-aprendizaje. Hemen: R. Marfil-Carmona, S. Osuna-Acedo eta P. González-Aldea (editoreak), Innovación y esfuerzo investigador en la Educación Me-diática contemporánea (131-147 or.). Sevilla: Egregius eta Zaragozako Unibertsitateko GICID Ikerketa-Taldea. ISBN 978-84-17270-33-9. Hemendik jasoa: https://labur.eus/tCAoE
• Roman-Mendoza, Esperanza. (2018). Aprender a aprender en la era digital. Tecnopedagogía crítica para la enseñanza del español LE/L2. London eta New York: Routledge.
2 erantzun “Metodologia-joera berriak eta berrikuntza” sarreran