IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburua lagun askoren arteko elkarlanaren emaitza da. Gure eskerrik beroenak editore-lanetan ibili direnei (Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta eta Abel Camacho), Udako Euskal Unibertsitatea eta UPV-EHU erakundeei eta UEUko lagunei (Nekane Intxaurtza eta Ander Altuna). Eta jakina, egile guztiei!
Liburuak, sarreraz gain, zazpi atal eta 31 kapitulu ditu. Laburbil ditzagun, labur-labur horiek zertan diren.
Lehenengo atalean, gaur egun teknologia-erabilerarako testuinguru pedagogikoak zein diren landu nahi izan dugu. Horrela, lehenbiziko kapituluan, Rakel Gamitok teknologiaren garapenak, zentzurik zabalenean, hezkuntzan izan duen eragina aztertu du, ikuspegi teknopedagogikoa garatzeko bideak eskainiz. Bigarrenean, Iñaki Murua irakasleak berrikuntzaren aurrean duen erronkari buruzko hainbat ideia mamitu ditu, hezkuntza-berrikuntzaren ikuspegi integrala lantzeko eta desafioari heltzeko gako batzuk eskaintzeko helburuarekin. Hirugarren kapituluan, Amaia Arroyo-Sagastak egungo metodologia-joerak landu ditu. Horretarako, lehenengo, metodologia zer den argitzeko ideia batzuk jorratu ditu eta, ondoren, metodologia-joera batzuk aukeratu eta azaldu ditu. Kapitulu horrekin guztiz lotuta daude hurrengo biak; izan ere, laugarren kapituluan, Mikel Larrañagak aipatutako joera horien artean bat sakondu du: ikaskuntza-datuen analisia. Horren atzean zer dagoen ulertzeko irizpideak aipatu ditu, modu argi batean hezkuntzan izan dezakeen erabilgarritasuna ulertzeko. Azkenik, bosgarren kapituluan, Josi Sierrak eta Lorea Aretxagak, Ikaskuntza Diseinu Unibertsala sakonago ulertzeko giltzarriak aipatu dituzte, hezkuntzaren eta teknologiaren arteko harremana ikuspegi inklusibotik baloratu ahal izateko.
Bigarren atala konpetentzia digitalei eskainia dago. Atalaren kapituluetan zehar, konpetentzia digitalak zer diren azaltzeaz gain, hezkuntza-esparru desberdinetan nola garatzen diren azaltzen da, praktika onak erakutsiz: ikastola eta ikastetxeetako esperientziak ematen dira adibide gisa. Beraz, lehenengo kapituluan Make Irigoienek eta Xabier Mujikak aurkeztu dute kontzeptuaren marko orokorra. Bigarren kapituluan, Josune Gerekak derrigorrezko hezkuntzaren egunerokotasunean konpetentzia digitalak txertatzeko bideak eta proposamenak eskaini ditu. Hirugarren kapituluan, Iñaki Telleriak Lanbide Heziketaren arloan jarraitutako estrategiak eta esperientziak aurkeztu ditu. Laugarren kapituluan, unibertsitateko ikasleen konpetentzia digitalaz gain, unibertsitateko irakasleen gaitasun digitalaren gainean egiten du gogoeta Urtza Garayk. Eta, azkenik, bosgarren kapituluan, Amaia Arroyo-Sagastak Norbere Ikas Alorra kontzeptua azaldu eta horrek konpetentzia digitalarekin duen harremana jorratu du.
Hirugarren atalean, e-learning testuinguruetarako oinarriak landu nahi izan ditugu. Horretarako, lehenengo kapituluan, Abel Camachok oinarrietan eta metodologian sakondu du, egungo egoeraren argazki bat eginez eta etorkizunerako erronkak aipatuz. Ondorengo kapituluek e-learningeko hainbat testuinguru jorratu dituzte. Bigarren kapituluan, Ainhoa Latatuk eta Maialen Urbietak hezkuntza informalean indarra jarri dute, ikaskuntza formaletik informalerako bidea erronkatzat hartuta. Hirugarren kapituluan, Lourdes Guàrdiak unibertsitatearen e-learning testuingurua ulertzeko gakoak aipatu ditu, ikaskuntza formaleko inguru horretan e-learningak eskain dezakeena baloratzeko. Amaitzeko, laugarren kapituluan, Maite Goñik hezkuntza-testuinguruaz gain, enpresaren prestakuntza-beharretan e-learningak eskain dezakeena azaldu du, baita egun dauden erronkak ere.
Laugarren atalaren helburua da hezkuntza digitalerako baliagarri diren hainbat tresna eta aplikazio azaltzea. Lehenengo kapituluan Lourdes Guardiak, hezkuntza-testuinguruan gertatzen ari den digitalizazio-prozesuaren ondorioz, ikaskuntzarako e-portfolioaren bertsio eguneratua azaldu du. Bigarren kapituluan, Amaia Arroyo-Sagastak eta Juanan Pereirak e-learning, blended learning eta aurrez aurreko ereduetan Ikasteko Ingurune Birtualak jorratu dituzte; e-jarduerak azaldu eta horiekin konbina daitezkeen tresnen eta aplikazioen inguruko sailkapen bat ere proposatu dute, erabilgarritasun pedagogikoaren ikuspuntutik. Azkenik, hirugarren kapituluan hezkuntzarako baliabideak sortzeko estrategiak, gidalerroak eta egile-sistemak aurkeztu ditu Mikel Larrañagak. Bertan baliabide didaktikoak digitalki errepresentatzeko estandarrak ere azaltzen dira.
Bosgarren atalean, teknologiak jendartean eta hezkuntzan duen eragina ikuspuntu kritikotik landu dugu. Horretarako, lehenengo bi kapituluetan, teknologiak jendarte hobea lortzeko zein aukera eskaintzen duen aztertu nahi izan dugu, bai ahalduntze teknologikoa kontuan hartuz, bai teknologiak jendartearen inklusioa nola bideratu duen aztertuz. Horrela, lehen kapituluan Gorka Juliok hezkuntza-arloan teknologiak pertsonak nola ahaldundu, horretarako eduki, ezagutza eta tresna libreek duten garrantzia nabarmendu du. Ondoren, bigarren kapituluan, Xabier Gardeazabalek teknologia jendartea eta hezkuntza demokratizatzeko eta herritar guztien inklusioa lortzeko oztopoak nola ekidin daitezkeen erakutsi ditu. Lehenengo bi kapitulu horien ostean, ikuspuntu kritikoari heldu diogu eta teknologiaren arriskuak nabarmendu ditugu eta horien hezkuntza-arlotik lantzeko irizpideak eskaini ditugu. Hirugarren kapituluan, Urko Fernandezek haur eta nerabeengan teknologiak nola eragin duen eta horrek ekarri dituen ondorioak azpimarratu ditu ikuspegi kritikotik, garrantzia emanez pribatutasunari, teknologiaren erabilera okerrari eta etorkizun digitalari. Bukatzeko, laugarren kapituluan, Nere Amenabarrek aurreko kapituluan aipaturiko erabilera eta arriskuak hezkuntzan nola lantzen diren azaldu du eta zenbait gomendio eta prebentziorako eta esku-hartzea egin ahal izateko irizpideak eskaini ditu, ikastetxeetako arautegia kontuan izanik. Beraz, atal honetan egun teknologiak hezkuntzan eta jendartean nola eragiten duen aztertu dugu, nola ikuspegi positibotik, nola ikuspegi kritikotik. Horrez gain, irakasleei egoera horiei aurre hartzeko edota gertatzean esku hartzeko hainbat irizpide mota aipatu ditugu.
Seigarren atalean, hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren eta teknologiaren arteko loturak eta berrikuntzak aipatu ditugu, euskara erdigunean izanik. Horretarako, lehenengo kapituluan, Hiart Legarrak hizkuntzak nola irakatsi izan diren eta gaur egun hizkuntzen irakaskuntza non oinarritzen den aipatu du. Ondorengo kapituluetan, batetik, egun helduei eta gazteei euskara nola irakasten zaien sakondu dugu eta, bestetik, teknologiak egungo praktikak nola aldatu edo alda ditzakeen azpimarratu nahi izan dugu, datuetan oinarrituriko irakaskuntza kontuan hartuz. Bigarren kapituluan, Andoni Tolosak euskara online irakastera nola iritsi diren kontatu du helduen irakaskuntzan. Hirugarren kapituluan, Inma Muñoak komunikazio-gaitasuna eta konpetentzia digitalak gazteekin nola lantzen diren erakutsi du. Laugarren kapituluan, Mikel Iruskietak eta Aitziber Iturricastillok idatzizko eta ahozko hizkuntza-irakaskuntzak nola lantzen diren eta teknologiak zein aukera ematen duen erakutsi nahi izan dute. Bukatzeko, Montse Maritxalarrek ikaskuntzaren lagungarri izan daitezkeen hizkuntzaren prozesamendu automatikorako tresnak aipatu ditu. Beraz, atal honetan egun hizkuntzak nola irakasten diren eta zein oinarri duten landu dugu eta etorkizunari begira ere jarri gara nolabait etorkizunean irakasleek euskarazko online irakaskuntzan erabil ditzaketen estrategiak, metodoak, baliabideak eta tresnak aipatuz.
Zazpigarren atalean, ikerketa digitalaren gaia landu dugu, mundu mailan garapen handia izan duen korronteak eta horietan garatu diren tresna teknologikoak zein diren aurkeztu dugu. Ondoren, datuetan oinarrituriko ikerketei eta datuak bistaratzeko teknikei erreparatu diegu, gogoan harturik zein diren datuekin hezkuntzan aritzeko ditugun eskubideak eta baldintzak. Lehenengo kapituluan, Mikel Iruskietak eta Jennifer Isasik ikerketa digitala eta hezkuntza lotzen dituzten Humanitate Digitalak edo eHumanitateak zer diren eta zein aldaketa ekarri duten aipatu dute. Ondoren, bigarren kapituluan, Arkaitz Zubiagak ikerketa erraztu eta ikerketari balio erantsia nola eman dakiokeen eta zein tresna erabil daitezkeen aztertu du: informazioa bilatzeko tresnak, taldean ikertzeko tresnak eta hizkuntza-datuak automatikoki prozesatzeko tresnak. Hirugarren kapituluan, Itziar Aldabek eta Montse Maritxalarrek testu-bildumak eskolan nola erabil daitezkeen aztertu dute, euskararako dauden baliabideen zerrenda zabala aurkeztuz. Laugarren kapituluan, Oier Lopez de Lacallek datuak nola bistaratu eta datu horiei zentzua emateko behar diren konpetentzia digitalak nola landu daitezkeen azaldu du, bistaratzeko modu okerrak ere nabarmendu ditu eta horien arriskuak aurkeztu. Bukatzeko, Jon Altunak zazpigarren kapituluan hezkuntza-datuekin aritzeko zenbait ikerketa-metodo aurkeztu ditu eta datu errealekin egindako ikerketa horiek egin ahal izateko baldintzak zein diren azpimarratu du; izan ere, ikerketa on batek arazoak ekar diezazkioke ikerlariari zenbait datu erabiltzen dituenean. Atal honetan, beraz, gaur egun ikerketa digitalak zer aldaketa ekarri duen aztertu ondoren, datu errealekin lan egiteko metodoak, bistaratze-teknikak eta hori egin ahal izateko baldintza akademikoak eta legalak zein diren aztertu dira.
2 erantzun ““IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” liburua kalean da!” sarreran