Hona hemen Montse Maritxalarrek 2019-2020 ikasturtean HEZikt graduondokoaren Ikerketa Digitala moduluko “Corpusetan oinarritutako ikerketa” izeneko ikasgaiari buruz egindako sintesia.
Ikasgai honetan Corpus kontzeptua lantzeaz gain, hainbat tresna erabili ditugu. Eta, bide batez, hausnarketa egin dugu corpusen erabilerari dagokionez. Ikusi dugun bezala, corpusak mota askotakoak izan daitezke: elebakarrak, elebidunak, gai espezifikoei buruzkoak, hizkuntza desberdinetan idatzitako testu paraleloak…
Oso modu askotako corpusak aurkitzen ditugu helburuaren arabera. Gainera, ikasleek idatzitako corpusak ere badira, eta,gainera, azken hauek ikasleen ikaste-prozesua aztertzeko aukera ematen digute.
Corpusak osatzen dituzten testuen edukia zein egitura aztertzeko dauden aplikazio batzuk oso intuitiboak diren arren, beste batzuek, aldiz, hizkuntzari buruzko ezagutza sakonagoa izatea eskatzen diote erabiltzaileari, esaterako, lema edo kategoria gramatikala zer den jakitea.
Azkenik, corpusak irakaskuntzarako baliabide didaktikoak sortzeko iturri ere badirela ikusi dugu. Alde batetik, eskuz sor ditzake pertsona batek baliabideak, corpus bateko testuetan oinarrituta; eta, beste alde batetik, ordenagailuak ere ahalmena du baliabide didaktikoak automatikoki sortzeko corpusetatik abiatuta. Horretarako, ordenagailuak hizkuntzaren prozesamendua aplikatu behar du.
Erantzun bat “Corpusetan oinarritutako ikerketa” sarreran