Azken boladan auzian jarri da ikasteko eta irakasteko helburuz erabiltzen diren teknologiei nola deitu behar ote zaien. Roman-Mendozak (2018) dioenaren ildotik, oraintsura arte ohikoa izan den Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak (IKTak) terminoak teknologiaren ikuspegi instrumentala adierazten du, hau da, teknologiaren erabilgarritasuna neurtzen du bakar-bakarrik trebetasun jakin bat bultzatzeko balio duen neurrian.
Hori ekidite aldera, Parte Hartzearen eta Ahalduntzearen Teknologiak (PHATak) terminoa proposatu bada ere, Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren Teknologiak (IETak) izenekoak hoberen adieraz dezake gaur egun dagoen beharra datuetan oinarritutako hezkuntzan.
Horrela, era guztietako tresna digitalak, aplikazioak edo baliabideak ditugu eskura gaur egun.
- Horietako asko aplikazio bakarrean bildurik agertzen zaizkigu, ikasgela birtuala edo Learning Management System (LMS) delakoa osatuz. Horietan, hainbat erabiltzaile-mota izaten dira (kudeatzaileak, irakasleak eta ikasleak) eta hainbat prozesu (kudeaketa, ikaskuntza eta ebaluazioa) burutzeko tresnak ditugu eskura. Gure artean, Moodle da ezagunena, baina badira beste hainbat LMS ere zabalkunde handikoak, hala nola Blackboard, Canvas, Edmodo edo Google Classroom.
- LMSetatik at dauden tresnei dagokienez, Arroyo-Sagastak eta Pereirak (2019) diote «sarean edozer egiteko aukera eskaintzen dituzten milaka aplikazio daudela. Guztiak ezagutzea ezinezkoa da, etengabe desagertu, berritu eta agertzen direlako; baina tresna digital horiek sailkatzeak gidalerro batzuk eskain diezazkiguke, baita ondo erabiltzen lagundu ere: «Zertarako?’ galdera buruan izanda, tresna digital egokia aukeratzeko gakoak izan ditzakegu».
Iturria: Camacho, A.; Iruskieta, M. (2020). «Euskararen i(ra)kaskuntza-prozesuak: hezkuntza eta hizkuntza teknologiak». Tantak, 32(2), 9-31. (https://doi.org/10.1387/tantak.21654).
Tresnak
Erantzun bat “Hezkuntza-teknologiak” sarreran