Hona hemen Xabier Gardeazabalek 2018-2019 ikasturtean HEZikt graduondokoaren bigarren moduluko “Jendartea eta hezkuntza”: IKTak eta Hezkuntza Premia Bereziak” izeneko ikasgaiari buruz egindako sintesia.
Irudia: Lexie Flickinger-ek aterata
(hemendik eskuratua: https://www.flickr.com/photos/56155476@N08/6660001925/ )
Lizentzia: https://creativecommons.org/licenses/by/2.0/
Aurreko gaietan bezala, aste honetan hezkuntza eta teknologiaren harremanaren beste arlo bat ikusi dugu, baina oraingoan inklusioaren perspektibatik. Espezifikoki, Hezkuntzarako Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleak gure klaseetan hobekien ikasteko ahalik eta aukera zabalena izan dezaten.
Zuen artean esperientzia desberdinak daudela ikusi dugu. Batzuek hainbatetan izan dituzue HPB-dun ikasleak zuen artean, eta beste batzuek gutxitan edo inoiz ere ez. Halako ikasleekin aritu zaretenon artean, oso esperientzia positiboa izan dela esan duzue, bai zuentzat irakasle eta pertsona bezala, baita zuen ikasleontzat. Besteak beste, ikasleek enpatia lantzen, elkartasuna handitzen eta pertsona guztiak berdin tratatzen laguntzen gaituzte guri ere, eta hainbatetan “sorpresa ederrak” ematen dizkigute ere.
Zenbaitetan bertigo pixka bat sentitu duzuela aitortu duzue batzuek, eta hau guztiz normala da. Azken finean, gizartearen bilakaera-fronte bat da hau, eta lehen lerroan irakasleak daude erronka honi aurre egiten. Inoiz irakasleak HPB-dun ikasle batekin nola jokatu ez dakiela eta gelako ikaskideek irakaslea bera gidatu eta erakusteko prest daudela irakurtzea bereziki hunkigarria iruditu zait.
Baliabideak eskura daude, eta orokorrean badirudi irakasleek nahiko argi duzuela non bila dezakezuen informazioa eta non eskuratu laguntza. Orientazio Sailaren irudia askotan aipatu duzue ere, eta hezkuntzako beste profesionalekin batera elkarlanean jardutea dela bidea argi duzue.
Bigarren ariketari dagokionez, premia bereziren bat edo beste dituen zuen ikasle baten edo ikasle hipotetiko baten larruan jartzea eskatzen zitzaizuen, ostera ikasle horren ikaskuntza hobetze aldera zuen irakasgaian egin ditzakezuen moldaketei buruz hausnartzeko.
Orokorrean oso erantzun interesgarriak izan dira. Batzuek Asperger duen ikasle baten adibidea eman duzue. Beste batzuek entzuteko arazoak edo gorrak diren ikasleena. Ezgaitasunik gabeko HPB-dun ikasleen adibideak ere eman dituzue, hala nola ulermen arazoak dituen ikasle batena, ala atzerriko ikaslea, zeinak gure hizkuntzekin arazoak dituen. Kasu batean, ordura arte “diagnostikorik” gabeko ikasle baten adibidea eman da, eta ikasteko arazoak areagotzen zitzaizkiola antzematean, bere zentroko langileek elkarren artean bere egoera hobetzeko hartutako neurrien berri eman da ere.
Egindako hausnarketak baliagarriak izan zaizkizuela dirudi, beraz poztekoa da. Burura etorri zaizkizuen moldaketak egokiak dirudite gehienetan, baina detaile txikiei erreparatu behar diogula ez dugu ahaztu behar. Hainbatek aipatu duzue moldaketa horiek ez luketela aldaketa asko suposatuko zuen irakasteko eran, eta horrek esan nahi du IDUren printzipioak nolabait asetzen zenituztela dagoeneko.
Nire ustetan, HPBak dituzten ikasleen arreta hobetze aldera, irakasle norbanakoen jarrera garrantzitsuena da, eta denek oso jarrera positiboa duzuela ukaezina da. Izan ere, soilik norbanakoen jarrera egokia denean, gizartearena aldatuko da gero. “Txip aldaketa” orokortua ematen hasi da, eta horren adibide eta lekuko zarete.
Erantzun bat “IKTak eta Hezkuntza Premia Bereziak” sarreran