Hona hemen Nere Amenabarrek 2017-2018 ikasturtean HEZikt graduondokoaren bosgarren moduluko Jendartea eta hezkuntza: Hezkuntza esku-hartzea Interneteko arriskuen aurrean izeneko ikasgaiari buruz egindako sintesia.
Bigarren moduluko bigarren gai honetan, aurreko gaian (5.1 gaian) ikusi dugun moduan, ikusi dugu arriskuak egon badaudela Interneten ere. Horregatik hain zuzen ere, esku-hartze zuzen bat egitea ezinbestekoa da gure ustez. Funtsezkoa izango da esku-hartze hau bai eskolan baita familietan ere.
Esku-hartze horren beharra ikusteko jauzi digitalari eskaini diogu ataltxo bat. Denetariko iritziak edota pertzeptzioak jaso ditugu: batzuk jauzi txikitu dela, besteak handitu, beste batzuk zalantza… Gai honekin oso erlazionaturik dagoen ideia hauxe da nire ustez: jauzia handituz edota txikituz joan arren, zein da gazte hauek Interneten sor daitezkeen aurrean duten arriskuen pertzeptzioa? Hori da niretzat esanguratsua den zerbait.
Ikastetxeetan dauden arautegiei dagokienean, egun ikastetxe askotan daude IKTen inguruko arautegiak eta nolabaiteko esku-hartzeak. Ikusi dugunaren arabera, arau guzti hauek hezkuntza estilo desberdinei erantzuten diete: autoritarioa (kontrol +, maitasun-), babeslea (kontrol +, maitasun +/-), permisiboa (kontrol -, maitasuna +/-) eta asertziozkoa. Adibide mordoa aurkituko dugu sarean, baina gai honetan bi proposatu dizkizuegu: Deustukoa eta Santo Tomas lizeokoa. Nire iritziz lanketa polita dugu oraindik ere arlo honetan egiteko. Ikastetxe bakoitzak bere beharrei erantzunez sortzen du arautegia baina agian ez litzateke txarra izango arautegi orokor bat izatea, eta gero bakoitzak berera moldatzea.
Euskaltel enpresaren iragarki bati ere eskaini diogu tartea. Zuen iritziak hor nahiko desberdinak izan dira. Dena den, nire iritziz, helburu komertzial bat duela ahaztu gabe, bertan agertzen diren ideiak erabilgarriak izan daitezke gaiaren lanketa egiterako momentuan. Telefonoa eman eta kontratua sinatzearekin ez dela nahikoa ez dago inolako zalantzarik. Baina kasu batzuetan, telebistak duen indarraz aprobetxatuz, honen inguruan hitz egiteko aukera polita izan daitekeela iruditzen zait.
Hurrengo atalean gomendioei buruz aritu gara. Alde batetik eskolarako aproposak izan daitezkeenak eta beste alde batetik familientzat. Dudanik gabe, bi eremu hauek bat egitea ezinbestekoa da mezua berdintsua edota antzekoa izateko, batzuetan hain zaila izan arren. Familientzat 12 gomendioz osaturiko aurkezpen bat ikusi dugu. Gehiengoen esanetara gomendio egokiak izan dira, nahiz eta batzuek luzeegiak diren aipatu duzuenean. Agian beste era batetara taldekatu daitezke?
Azken atalean berriz, labur labur bada ere dauden baliabide eta programei eskaini zaie tartea. Horretarako adibide desberdin batzuk ikusi ditugu hasieran eta jarraian unitate didaktiko bat egin behar izan duzue zuek aukeraturik gai bati buruz. Gaiak anitzak izan dira eta guztiak jaso eta irakurri ditut gustura: kontaktuak nola kudeatu, morroi ez izaten ikasi, besteen argazkien gainean dugun boterea,… guztiak interesgarriak eta ekarpen politak izan dira niretzat.
Bukatu da gure gaiari dagokion astean, baina aurrez aurrekoan izango dugu tartea gai hauen inguruan ere zuekin aritzeko. Beraz, datorren aste arte!
Reblogged this on Hezikasiren gunea (HEZikt 2017-18) and commented:
5.2 atala
Atsegin dutAtsegin dut