Argitara eman berri da Itziar Adurizek, Iñaki Alegriak, Olatz Arregik, Arantza Diaz de Ilarrazak eta Kepa Sarasolak idatzitako ‘Hizkuntza-teknologia «Datu Handi»en garaian:bilatzaileak, itzultzaileak…‘ izeneko artikulua SENEZ aldizkariko 48 alean (2017ko azaroa). Hona hemen artikuluaren testu osoa.
Egileek Ixa Taldearen oraingo jarduera orokorra azaldu nahi izan dute artikuluan zehar eta laburpen gisa beheko hau irakur dezakegu:
Zertan dabil Ixa taldea? Munduan eskura dugun testu-informazioaren tamaina ikaragarri hazten ari da. Teknologia berriak behar dira informazio hori guztia baliatu ahal izateko. Hiru teknika berrik –hodeiko konputazioak, ikasketa sakonak eta neurona-sareek– bide berriak zabaldu dituzte. Baliabide handi horiek beste aplikazio mota batzuk sortzeko aukera ekarri dute munduko hizkuntza handietan. Baina baliagarriak dira euskararako? Gure testuak ingelesezkoak baino askoz txikiagoak izanda (mila aldiz?), teknika berri horiekin esperimentatu behar dugu, euskararako zer baliagarritasun duten aztertzeko. Bestalde, berdin jokatu behar da baliabide gutxiko hizkuntzen unibertsoan? Hizkuntza handien ildotik datozen joerez gain, gure baliabide, tresna eta aplikazio emankorrenak zein diren jakin nahi dugu. Munduko 190 hizkuntzarentzat, Interneten presentzia minimoa eduki bai baina oraindik halako hizkuntza-teknologia landu ez duten 190 hizkuntzarentzat, erreferentzia izan daiteke estrategia hori, hain zuzen. Zenbait proiektu eta doktorego-tesi bideratu ditugu ildo horretatik, eta, gainera, kultura lantzeko proposamen berri batzuk sortu eta gizarteratu ditugu, DSS2016 proiektuaren barruan.